Gaindegiak, Udalbiltzarekin eta Gasteizko udalaren babesarekin, auzoon iraunkortasuna modu integralean neurtzeko Gasteiz, Iruñea, Donostia, Baiona eta Bilboko auzoen azterketa burutu du. Horretarako, bost hiriburuetan banatutako ehun eta hamaika auzoen katalogoa osatu eta bost multzotan banatutako hogeita hamasei adierazle kontuan hartu dira: mugikortasuna, kohesio soziala, hiri-morfologia, zerbitzuen eskuragarritasuna eta metabolismo demografikoa.
Metabolismo demografikoa: lautik hiru auzok biztanleria galdu dute
Euskal Herrian aro demografiko berri bat zabaldu da. 2009 urteko krisialdi ekonomikoak euskal hiriburuetako demografian eragina izan du: jaiotza tasa murriztu egin da eta krisialdiko lehenengo bosturtekoan behintzat immigrazioa jaitsi egin da. Bien bitartean, belaunaldi gazteek hiriburuetako periferia berria osatzen duten auzoetara alde egiteko joera handia izan dute. Horren guztiaren eraginez, auzo ugarik biztanleriaren bolumena murriztu egin dute, 60 eta 70 hamarkadako hirigintzan egituratutakoetan nabarmen.
2011 urteaz geroztik, biztanleria bolumenak Baiona eta Gasteizen soilik egin du gora (2016). Biztanleria galdu duten hiriburuen artean, aipagarria da Bilbo (-%2,1), baina joera hau ez da auzo guztietan modu bertsuan eman. Bilboko 40 auzoetatik 31k biztanleria bolumena galdu dute (Ametzola, La Peña eta Bolueta buru). Iruñean, aldiz, 13 auzotik 10ek eta Donostian 18 auzotik 14k (Erdialdeak gehien).
Kohesio soziala: Biztanleria metaketa eta etxebizitza eskuragarritasuna belaunaldi segregazioaren gakoak
Gizarte kohesioaren ikuspuntutik, auzoen artean oreka handiena mantentzen duen hiriburua Donostia da; neurketa Donostialdea osora hedatuko balitz, argazkia bestelakoa litzateke. Aldiz, auzoen arteko desoreka handienak Bilbok eta Gasteizek biltzen dituzte.
Kohesio sozialaren eragozpen garrantzitsuetako bat auzo jakinetan ematen den biztanleriaren segregazio edo metaketarako joera da. Batetik, etorkinen ghettoak sortzeko joera dago, Gasteizko Alde Zaharrean edo Bilboko San Frantziskon gertatu bezala. Bilboko San Frantziskon, Europatik kanpo jaio diren herritarrek bizilagun guztien ia heren bat osatzen dute (%30,5); Bilboko bataz bestekoa, txikiagoa da. Bestetik, aipagarriak dira ikasketa gabeko biztanleria metatzen duten auzoak, herritarren maila sozioekonomikoaren adierazle gisa ulertu daitekeena. Bilboko Altamiran eta Iturrigorri-Peñascalen, edo Gasteizko Zaramagan, Abetxukon eta Aranan, ikasketarik gabeko herritarren presentzia garrantzitsua da.
Zerbitzuen eskuragarritasuna: Gasteizek du zerbitzuen sare orekatuena, Donostiak desorekatuena
Ohikoa da zerbitzuen eskaintza nagusia hiriaren erdigunean metatzea eta, Euskal Herriko hiriburuetan, hala gertatzen da ere. Gasteiz da salbuespena, bere geografia osoan zerbitzu sare oso homogeneo eta osatua baitu. Bilbo ere nabarmentzekoa da maila batean, zerbitzuen eskuragarritasunean duen oreka esanguratsua baita. Kontrara, Donostiako auzoetan zerbitzuen presentzia desoreka garrantzitsua da. Iruñea eta Baionan ere azpiegitura zerbitzuen estaldura eskasa edota desorekatua dela esan daiteke, zerbitzuen estaldura egokia erdigunera mugatzeko joera handia baita.
Hiri-morfologia: Bilbon hiri-trinkotasun handiko auzoak espazio berdeen gabezian
Hiri-trinkotasuna auzoen bizitasun eta jasangarritasuna baldintzatzen duen aldagaia da. Izan ere, trinkotasun txikiak azalera handiak artifizialtzea, energia kontsumoaren handitzea eta zerbitzuak barreiatzea eragiten du. Trinkotasun egokiak, ordea, jarduera eta bizimodu komunitarioa indartzeko ahalmena du.
Ildo horretan, Baiona eta Iruñea dira trinkotasun gutxiko auzo gehien dituzten hiriburuak. Horietan ere badira salbuespenak: Iruñeako Alde Zaharra, Azpilagaña edo Errotxapea, esaterako. Aldiz, Bilboko auzo askotan hiri trinkotasuna handia da eta, oro har, espazio berdeekiko oreka egokia izan ohi da, baina dentsitate altuko hainbat auzotan (Ametzola, Santutxu, Solokoetxe edo Matiko) eraikuntza-maila arintzeko baliagarriak diren espazio berde edo irekien falta somatzen da. Auzo horien bizigarritasuna eta erosotasuna, beraz, ez da behar lukeen neurrikoa. Donostiako kasuan dentsitate altueneko auzoetan hiri dentsitate eta espazio berdeen arteko oreka oso egokia da.
Mugikortasuna: garraio publikoaren estaldura ona orokorrean
Euskal Herriko auzoen azaleraren laurden bat garraio publikoko geltoki batetik gehienez 300 metroko erradio pean dago. Bost hiriburuen artean, erradio horren araberako estaldura handiena duen hiriburua Iruñea da; ostean, Bilbok eta Baionak dute nabarmen. Edonola ere, hiriotan zenbait auzok ibilgailu pribatuen kontzentrazio maila handiak dituzte, merkataritzarekin lotutako eremuetan batik bat.
Egoeraren xehetasunak auzoz auzo www.auzoak.eus gunean.