Euskal Herrian gizarte babesera bideratutako gastua BPGren %24,5a izan da 2017an (behin-behineko datua), gastu maila apala erreferentziazko herrialdeekin alderatuz gero. Urte berean Europar Batasunean (EB-27) gastua BPGren %28,2ekoa izan da. Euskal Herriko gizarte babesa are urrunago kokatzen da Frantzia (%34,1), Danimarka (%32,2), Finlandia (%30,6) edota Suediako (%28,8) gastu mailatik.
Ipar Euskal Herriko gizarte babes-maila Frantziar estatuaren parekoa dela hipotesia ontzat emanez gero, alde handia dago Hego Euskal Herriarekiko. Frantziar estatuak gutxieneko bizi-baldintza duinak bermatzen dituen eredu bat garatu du luzaroan eta horrek badu isla Ipar Euskal Herrian, nahiz eta ezbaian egon orain hartu beharreko norabidea. Espainiar estatuko gizarte babesa, ordea, eredu mediterraneoan oinarrituta dago eta ez du halako estaldura eskaintzen, nahiz eta Hego Euskal Herriko egitura ekonomiko sendoagoak ahalbidetutako mekanismo propioen bidez (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta Euskal A.En, eta Errenta Bermatua, Nafarroa Garaian) zenbait esparruetan gizarte babeseko estaldura Espainiar estatuan baino sendoagoa bihurtu.
Gizarte Babeseko Estatistika Integratuen Europako Sistemari jarraituz, familia eta seme-alaben ardura dutenentzako gizarte babes apalenetarikoa dugu Euskal Herrian (BPGren %0,9a), Turkia eta Errumaniaren pare, belaunaldi ordezkapen traketsa eragingo duen krisi demografiko baten erdian bagaude ere. Euskal Herriaren tamainako gastua dute Malta eta Ipar Mazedoniak. 2017 urtean Europar Batasunean (EB-27) horretara bideratu gastua BPGren %2,3a osatu du.