Biztanlez husten ari diren lurraldeen auzia oihartzun zabala hartzen ari da. Europaren historian arorik jendetsuena den honetan, hainbat lurralde komunitatea iraunarazteko gutxieneko kopuruari ezin eutsi dabiltza. Euskal geografian ere badira halako joerak, euskal lurraldearen eskalan aztertzen badira, bederen.
Euskal Herria lurralde txikia
Euskal Herria izatez azaleraz txikiko lurraldea da (20.886 km2). Hainbat hiri eta tamaina ertaineko udalerri ditu bere baitan, lurraldearen ia edozein eremutik ordubete egin baino lehen hel daiteke hurbileneko hiriburura eta ardatz ekonomiko eta industrial bizi-bizietan kokatuta dago (Ardatz Atlantikoa eta Ebro ibarra).
686 udalerrik osatzen duten corpusean tamaina txikiko udalerrien presentzia nabarmena da: udalerrien %61a 2.500 biztanletik beherakoak dira (415 udalerri); horien artean, gehientsuenak 500 biztanletik beherakoak dira (306). Era berean, 50.000 biztanletik gorako zortzi udalerri daude: hegoaldeko lau hiriburuak, Barakaldo, Getxo, Irun eta Baiona. Euskal herritarren %40,4ak hauetan du bizileku.
Tamaina ertaineko herrien garrantzia
Euskal Herrian 25.000-50.000 biztanle bitarteko hamabi udalerri daude, bereziki Bilboko metropoliaren eremu funtzionalean kokatuta (Santurtzi, Portugalete, Basauri, Leioa, Galdakao, Sestao). Baina 25.000 biztanleen langa Errenteriak, Durangok, Tuterak eta Eibarrek gainditzen dute ere, azken bi hauek hiriburuen eragin eremutik at; guztiak errepide sare nagusiaren ondoan kokatuta. 2020 urtean Biarritzek 25.000 biztanleen langa gainditu berri du.
Ziurrenik euskal geografiaren ezaugarri bereziena, hain zuzen ere, hamabi nukleo hauek eta tamainaz txikiagoak diren 10.000-25.000 biztanle bitarteko beste berrogeita bat herrik sortzen duten egitura polinuklearra da. Orotara, herritarren heren bat barne biltzen dute. Kantauri isurialdean ugariak dira tamaina ertaineko udalerriak, batez ere Gipuzkoan. Mediterranear isurialdean, ordea, urriagoak dira eta gehienak Iruñerrian kokatzen dira. Araba eta Nafarroa Garaian tamaina ertaineko herririk gabeko lur eremu zabalak daude eta, hiriburuen indar zentripetoaren aurrean, tokiko ekonomia garatzeko zailtasunak handiagoak izan ohi dira. Antzeko egoera bizi du Ipar Euskal Herriko barnealdeak.
Hiriburuen eragin eremua hedatzen
Euskal Herrian hiriburuek eragin eremu zabala dute, batez ere Mediterranear isurialdean. Tokian tokiko landunen enpleguan hiriburuek duten garrantzia aztertu eta gero, hala baieztatzen du EUROSTATek. Gasteizko indar zentripetoa oso zabalduta dago Araba osoan eta, Iruñeako eragin eremua, Izarbeibarretik Bidasoa Garaiaraino hedatzen da. Bestalde, Lizarraldeko Erriberako eta Arabar Errioxako eremu txiki batek, Ebro ibaia parean, Logroño hiriaren eremu funtzionala osatzen du. Baionako eremu funtzionala Capbretoneraino iristen da.
Azken hamarkadetan hiriburuen eragin pean diren herrien hazkundea nabarmena izan da. Iruñerrian adibide ugari daude: Eguesibar, Berriobeiti, Orkoien edo Zizur. Bilbo Handian ere bai: Etxebarri, Berango, Derio, Leioa… Baionaren bueltan fenomeno bera gertatzen ari da, baina tamaina txikiagoko udalerriak dira. Euskal Herrian, hortaz, hiriburuen eremu funtzionalak gero eta indartsuagoak dira eta lurraldearen metropolizazio joera nabarmena da.
Edonola ere, Gipuzkoa eta Bizkaian hiriburuen indar zentripetotik at diren tamaina ertaineko herriek errealitate horren kontrapisua osatzen dute, eta zentzu horretan, lurralde orekari ekarpen garrantzitsua egiten diote. Deba arroa horren adibidea da, Gipuzkoako mendebaldean eta Bizkaiko ekialdean sare polinuklear garrantzitsua eratuta baitago. Euskal Herriko hegoaldean ere, Tutera buru, bada dinamismo propioa duen bestelako ardatza. Mediterranear isurialdean tamaina ertaineko udalerriak urriagoak dira eta, hauen arteko distantzia, handiagoa. Horrek tokiko erresilientzia zailtzen du.