Skip to main content

[2020-II] Ez-aktiboen gorakadak langabezia tasaren igoera leundu du

2020ko bigarren hiruhileko datuen arabera Euskal Herriko langabezia tasa %9,34koa da (INE), aurreko hiruhilekoan baino handiagoa (+0,89). EUSTATen arabera langabeziaren igoera handiagoa izan da azken hiruhilekoan (+1,18) eta horrek Euskal Herriko langabezia tasa %10,49an kokatu du. Iazko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, langabezia tasa 1,06 (INE) eta 1,39 (EUSTAT) puntu handitu da.

Azken hiruhilekoan langabezia tasa lurralde guztietan igo da, bereziki Ipar Euskal Herrian (+2,66; GAINDEGIA), Araban (+2,22; INE) eta Nafarroa Garaian (+1,53; INE). EUSTAT bat dator Arabako langabezia tasaren igoera bortitzarekin (+2,00; EUSTAT) eta, INEk ez bezala, Bizkaian ere langabezia tasaren igoera antzeman du (+0,60; EUSTAT). Horrela, Bizkaiak du Euskal Herriko langabezia tasa handiena.

Langabezia tasaren hazkundeak ez du enpleguaren desegitea behar bezala irudikatzen

Langabezia tasa lurralde guztietan igo arren 2020ko bigarren hiruhilekoan biztanleria aktiboaren gutxitze indartsua izan da nabarmentzeko fenomeno nagusia. Beste era batera esanda, enpleguaren desegite bolumena langabetu kopuruaren igoera baino handiagoa izan da. Horrek langabezia tasaren igoera leundu du. Izan ere, 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, Euskal Herrian 57.300 pertsona aktibo gutxiago daude. Esaterako, Hego Euskal Herrian 47.500 pertsona ez-aktibo berri zenbatu dira, 2020ko lehen hiruhilekoan lanean ari zirenak.

Jarduerarik gabe geratu arren lana galdu duten guztiak ez dira langabe gisa sailkatu, konfinamenduak lan bilaketari ekitea galarazi duelako eta, hortaz, lana egiteko prest egon arren Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) irizpideen arabera herritar askok langabetu gisa sailkatzeko baldintza guztiak ez dituztelako bete. Era berean, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteetan (ABEEE) kalteturiko langileak landun gisa zenbatu dira.

Gazteak, berriz ere, langabeziaren jomugan

ABEEE-tan kalteturiko landunak aintzat ez hartu arren enplegu tasaren gainbehera handia izan da, bereziki 16 eta 34 urte bitarteko belaunaldietan. Hala, gazteen enplegu tasa nabarmen uzkurtu da, duela hainbat urteko krisi testuinguruko mailara itzuliz. Hala, Hego Euskal Herriko 16-24 urte bitarteko gazteen artean langabezia tasa 10,3 puntu hazi egin da hiruhileko honetan eta, gaur gaurkoz, %31,6ko langabezia tasa nozitzen dute. Errealitate hau are larriagoa da emakumeen artean %35,6ko langabezia tasa jasaten baitute.

Euskal Herriak langabezia esanguratsua du Europako testuinguruan

Osasun larrialdiaren testuinguruan ez dira gutxi langabezia tasaren igoera jasan duten lurraldeak. Katalunian, esaterako, langabezia tasa 2,1 puntu igo da azken hiruhilekoan %12,8an kokatzeraino. Langabezia tasaren igoera izan ez duten Europako zenbait lurraldetan lan egoeraren araberako biztanleriaren fluxuak aztertzea komeni da. Edonola ere, aintzat hartu behar da lurralde batetik bestera osasun larrialdiak inpaktu desberdina izan duela azken hilabeteotan. Gauzak horrela, Euskal Herriko langabezia tasa EB-27an baino 3,7 (EUSTAT) eta 2,6 (INE) puntu handiagoa da egun. Europan Greziak (%16,0), Espainiak (%15,3) eta Kataluniak (%12,8) dute Euskal Herria baino langabezia maila handiagoa.

Etiketa orokorrak