2019ko lehen hiruhileko datuen arabera, Euskal Herriko langabezia tasa %9,09koa da (INE), aurreko hiruhilekoan baino 0,4 puntu apalagoa. EUSTATen arabera ere langabezia apaldu egin da azken hiruhilekoan, baina langabezia tasa 9,49an kokatzen du. Batean zein bestean, denboran hamarkada bat atzera egin behar da maila horretako langabezia topatzeko.
Azken hiruhilekoan langabezia tasaren jaitsiera garrantzitsua eman da Nafarroa Garaian (-1,8; INE), eta jaitsiera leunagoa, Bizkaian (-0,2; INE) eta Ipar Euskal Herrian (-0,1; GAINDEGIA). Araban langabezia tasak kontrako joera izan du, bai EUSTATen (+0,4) eta baita INEren (+0,2) arabera ere. Gipuzkoan, aldiz, INEren arabera langabeziak gora egin du (+0,5), aldiz, EUSTATen arabera, behera (-0,3).
Oro har, bi iturrien emaitzek ez datoz bat ez biztanleria aktiboa ezta langabetu gordinen azken hiruhileko bilakaera joeran ere: EUSTATek Euskal A.E.ko pertsona aktiboen (-3.400) eta langabetuen (-1.100) jaitsiera eman dela aditzera ematen du, INEk, ordea, pertsona aktiboen (+6.300) eta langabetuen (+900) gorakada. Nolanahi ere, iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, bi iturriak bat datoz langabetuen bolumena apaldu bitartean biztanleria aktiboa gorako joeran dela.
Joerak alde batera, Bizkaian kokatzen da Euskal Herriko lurraldeen arteko langabezia-tasa handiena (%11,23). Hala berresten du EUSTATek ere, Arabaren pare kokatuz (%11,30). Ostera, Ipar Euskal Herriak eta Gipuzkoak dute langabezia tasa apalena.
EB-28an ere langabezia-tasak gora egin du azken hiruhilekoan (+0,20), behin-behineko datuen arabera. Hala, Euskal Herriko langabezia tasa EB-28koa baino 2,3 puntu handiagoa izaten jarraitzen du (INE).