Euskal Herriaren energia mendekotasuna handia da, izan ere, energia behar handia duen egitura produktiboa dauka eta energiaren ekoizpen urria izan du gaurdaino. Xabier Zubialdek (2014) zuzendutako ikerketa baten arabera, Euskal Herrian kontsumituriko energia primarioaren %92a inguru inportatutakoa da, eta gehienbat, erregai fosiletatik eta energia nuklearretik dator. Euskal Herrian ekoizten den energiak ez du lurraldean gauzatzen den kontsumoaren %10a asetzeko gaitasunik ere, eta ekoiztutakoa, nagusiki energia berriztagarrietatik dator.
Euskal Herriak aurrez aurre trantsizio energetiko garrantzitsu bat du egiteko, baina eredu eta bitarteko propioen faltan, bi estatuen eskutik burutu beharko du. Trantsizio horretan, kontuan hartzekoa da, batetik, larrialdi klimatikoaren aurrean Espainiar eta Frantziar estatuen erantzun ahula; eta, bestetik, Euskal Herria bi estatu horien politika publiko zein nazioarteko aliantzen menpe geratzen dela.
Euskal Herria Espainiar eta Frantziar estatuko argindar sareetara lotua dago eta bi estatuen argindar iturriak oso desberdinak dira: Frantziar estatuko argindarraren %86a energia nuklearretik dator, eta Espainiar estatukoa, batik bat, energia berriztagarriek (%32), nuklearra (%21), karboia (%17) eta gas naturalak (%14) sortzen dute. Erabilitako erregai fosilak, berriz, mundu osokoak kontsumitzen dira Euskal Herrian. Batik bat, Afrikatik, Ekialde Ertainetik eta Amerikatik datoz: Nigeriatik, Mexikotik, Saudi Arabiatik, Libiatik, Iranetik edota Iraketik.
Bien bitartean, erregai fosilen kontsumoa maila gorenean dago Hego Euskal Herrian. 2018 urteko kontsumoa atzera, berriro 2007koaren parekoa da. 2018 urtean Hego Euskal Herrian dieselaren inoizko kontsumo maila handiena erregistratu da, eta GAINDEGIAren aurreikuspenak betez gero, 2019 urtean soilik arinki murriztuko da (-%2,4). Gasolinaren kontsumoak, ordea, gora egingo du (+%5,5). Gauzak horrela, 2019 urtearen amaieran Hego Euskal Herriko erregai fosilen kontsumo maila maximo historikoetan mantenduko da, oraingo honetan, dieselaren nagusitasuna 2007 urtean baino handiagoa izango delarik.