Euskal Herrian 400.700 herritarrek nolabaiteko pobrezia edo bazterketa soziala pairatzen dute. Hala diote, behintzat, pobrezia neurtzeko Europako markoak eskaintzen duen AROPE (At Risk Of Poverty and/or Exclusion) metodologiaren araberako indikadoreek. Metodologia honen arabera, 2019 urtean 121.100 herritarrek gabezi material larrian bizi izan dira.
Metodologia desberdinak daude pobreziaren neurketan, eta neurketa hauek uzten duten argazkia, maiz aldakorra da. Gaur gaurkoz pobreziaren neurketa egiteko Euskal Herri osorako metodologia bateragarri bakarra Europaren baitan diseinaturiko AROPE indikadoreak dira. Hauek Euskal Herria eta Europako beste lurraldeen arteko alderaketa ahalbidetzen dute, baina ez dira gutxi indikadore horien atzean dagoen metodologia zalantzan jartzen dutenak.
Euskal Herrian badira pobreziaren neurketarako bestelako metodologia eta iturriak, nahiz eta lurralde osoko argazkia ez eman. Euskal A.E.n Eusko Jaurlaritzaren Behar Sozialei buruzko Inkesta eta Nafarroa Garaian NASTATek burutzen duena aintzat hartzekoak dira. Hauen arabera, Euskal A.E.n pobrezia arriskuan da herritarren %12,5a (2018), eta Nafarroa Garaian, %21,7a (2017). Esan bezala, metodologia desberdinak izateagatik datuak ez dira euren artean alderagarriak. Baina bi inkestek marrazten dutenez, geografikoki pobrezia hiriburuen inguruan eta Ebroko arroan (Arabar Errioxatik Tuteraraino) metatzen da. Era berean, 2008az geroztik gazteen erosahalmena ahuldu eta gizon-emakume arteko arrakala handia izaten jarraitzen duela aditzera ematen dute. Euskal A.E.ko errenta dezil apalenen osaerari erreparatuz gero, nabarmena da atzerrian jaiotako etorkinek egoera sozioekonomiko prekarioena pairatzen dutela, bereziki Ertamerikan jaiotakoak. Afrikarrek ere antzerako errealitatea bizi dute.
Eraldaketa handia izan du euskal gizarteak azken hamarkadotan, eta pobreziaren errealitatea, dinamikoki eraldatzen joan da. Dualizazio sozialerako joerak gero eta indar handiagoa dauka Euskal Herrian eta muturreko pobrezia indartu egin da. INEk Hego Euskal Herrian bizi-baldintzen inguruan egindako azken inkestaren arabera (2018), gero eta gehiago dira etxebizitza nagusiko gastuen ordainketan atzerapenak dituztenak (%6,3), etxebizitzan tenperatura egokia mantendu ezin dutenak (%6,3), ordenagailu pertsonalik eduki ezin dutenak (%4,7) edota haragi, oilasko edo arrain janari bat gutxienez bi egunean behin jan ezin dutenak (%2,3).