COVID-19ak mundu mailako osasun larrialdia sorrarazi du. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) martxoaren 11n deklaratu zuen pandemia egoera, eta, Espainiako Gobernuak martxoaren 15ean ezarri zuen konfinamendu egoera -besteak beste- Hego Euskal Herrian. Bi egun beranduago Frantziako Gobernuak antzeko neurriak ezarri zituen Ipar Euskal Herrian. Hamar asteren ostean, 5.494.000 positibo kasu baieztatu dira munduan, eta 346.300 dira birusak eragindako heriotzak, zenbaketa ofizialaren arabera.
Azken bost hamarkadetako heriotza kopuru handiena erregistratu da apirilean
2020ko apirilean, behin-behineko datuen arabera, heriotza kausa guztiak aintzat hartuta Euskal Herrian 3.873 hildako erregistratu dira. Azken bost hamarkadetan erregistraturiko heriotza kopuru handiena da hori. Halere, 2017ko urtarrilean, maila handi batean AH3 birusaren gripea medio, Euskal Herrian hildako kopuru paretsua izan zen (3.825). Oraingoan ez bezala, gripe horren eragina nabarmenagoa izan zen Ipar Euskal Herrian Hego Euskal Herrian baino.
2020ko martxo hasieratik Euskal Herrian 9.700 bat heriotza erregistratu dira. Baliteke hildakoen kopurua handiagoa izatea. Batetik, maiatza amaitzeko egun batzuk falta direlako. Bestetik, azken bi asteotako heriotza guztiak erregistratu gabe daudelako oraindik. Edonola ere, azken hiru hilabeteotako heriotza kopurua ez dago 2015 edo 2017ko neguan izandakotik hain urrun. Urte horietan gripeak gogor jo zuen, eta, 2016ko abendu hasieratik 2017ko otsaila amaiera arte 9.306 heriotza erregistratu ziren. 2015 urteko lehen hiruhilekoan ere hilkortasuna handia izan zen, 9.257 heriotza erregistratuta.
Alderaketa horretan kontuan hartu behar da konfinamendu egoerak COVID-19arekin kutsatzeko arrisku-maila gutxitzeaz gain, ohiko hainbat heriotza kausen hilkortasuna apaldu duela, trafiko istripuena kasu. Konfinamendurik gabe, hortaz, hilkortasuna handiagoa izan beharko litzateke.
COVID-19arekin kutsatutako hildakoen bolumena beherantz kontabilizatzeko joera
COVID-19arekin hildakoen kopuru ofiziala ez dator bat Erregistro Zibiletan zenbatutako heriotza kopuruaren gorakadarekin. Alemaniako Max Planck Institute for Demographic Research-eko Tim Riffe demografoak dioenez, munduko herrialde askotan zenbaketa ofizialak kopuru erreala murrizten ari dira, batez ere egoeraren larritasunari erantzuten berandu ibili diren eta birusak gogor kolpaturiko herrialdeetan. Hala, COVID-19ak jota munduan zenbatutako heriotza kopuruari gutxienez 74.000 kasu gehiago batu behar zaizkio. Ondorio hau utzi du munduko hogeita lau herrialdeetako hilkortasunari buruz The New York Times egunkariaren azterketak. Zenbaki horiek borobiltzeko goiz bada ere, mundu osoan hildakoen kopurua handiagoa dela pentsa daiteke.
Euskal Herrian 2.600 izan daitezke COVID-19a medio hildakoen kopurua
Euskal Herrian, une honetan, COVID-19ari loturiko 2.020 heriotza erregistratu dira ofizialki. Ipar Euskal Herriko datuak ez dira ari gaurkotzen Hego Euskal Herrian bezala, baina azken zenbaketa ofizialaren arabera hamar izan dira Ipar Euskal Herrian hildakoak. Kopuru txikia da hori. Edonola ere, gaur gaurkoz Ipar Euskal Herriko Erregistro Zibiletan ez da heriotzen gorakadarik antzematen. Hego Euskal Herrian, ordea, COVID-19arekin harremana duten heriotzen kopuru ofiziala motz geratu dela pentsatzeko arrazoi sendoak daude: Justizia Ministerioko Erregistro Zibilen datuekin Espainiako Epidemiologia Zentro Nazionalak egindako hilkortasunaren monitorizazioak birusarekin nolabaiteko harremana izan dezaketen 570 heriotza kasu gehiago daudela ematen du aditzera.
Apirileko lehen hamabostaldian argitaratutako datu ofizialen eta Erregistro Zibilean jasotakoen arteko tartea bere maila gorenera iritsi zen. Baten eta bestearen arteko aldeari erreparatuz, beraz, orotara, 2.600 bat heriotza izan daitezke Euskal Herrian. Edonola ere, kontuan hartzekoa da konfinamendu egoerak bestelako heriotza kausa batzuk murriztu baditu are handiagoa izan daitekeela COVID-19ak eragindako heriotzen kopurua.
Koronabirusarekin harremana duten heriotzen kopuru ofizialaren arabera, Euskal Herrian 63,4 heriotza gertatu dira ehun mila biztanleko eta, Erregistro Zibilean antzemandako gorabeherak kontutan hartuta, ratio hori 81,5ekoa izan daiteke. Birusak Euskal Herrian izan duen inpaktua beste herrialdeekin alderatzea ez da erraza, hain zuzen, beste herrialdeetan ere birusaren hilkortasuna gutxiesten duten zenbaketak egin direlako. Nolanahi, Euskal Herrian dentsitate handiko Europako beste herrialde batzuen pareko hilkortasuna eragin duela esan daiteke.