Skip to main content

Etxebizitza garestitzen ari da hiriguneetan

Osasun larrialdiak etxebizitzen salerosketak gutxitu du Hego Euskal Herrian; ez, ordea, Ipar Euskal Herrian. Etxebizitzen salneurria garestitzen ari da Euskal Herrian, biziki Ipar Euskal Herrian. Miarritzek, Donostiak, Baionak, Angeluk eta Getxok dute alokairu zein salerosketarako Euskal Herriko etxebizitzarik garestiena.

Osasun larrialdiak 2013az geroztik indarrean zegoen etxebizitza salerosketen suspertzea eten du. Orotara, 25.047 etxebizitza salerosi dira Euskal Herrian 2020 urtean. Urtebete lehenago baino 3.257 etxebizitza gutxiago dira horiek (-%11,5). Salerosketen jaitsiera, ordea, Hego Euskal Herrira mugatu da. Ipar Euskal Herrian, aurreko urtearekiko alderaketan, etxebizitzen salerosketa %44,8 hazi da urte berean. Salerosketen hazkundea Euskal Kostaldea-Aturrin, Hego Lapurdin eta Errobiko zonaldean gertatu da bereziki.

Miarritzen 6.489 euro balio du metro karratuak

Euskal Herrian salerosketarako etxebizitza garestiena Miarritzen dago: 6.489 euro metro koadroko, batez beste. Miarritzerekin batera, Angelu (4.800 euro/m2), Donostia (3.737 euro/m2), Baiona (3.383 euro/m2), Getxo (2.994 euro/m2), Leioa (2.611 euro/m2) eta Bilbo (2.510 euro/m2) daude Euskal Herriko eremu garestienen artean (2020). Datu horiek euskal hiriburu eta 25.000 biztanletik gorako udalerrietako etxebizitzen salneurria aztertzetik datoz. Ez dago 25.000 biztanletik beherako Hego Euskal Herriko udalerrietarako daturik. Ipar Euskal Herrirako badira, aldiz, eta horien artean nabarmentzekoa da Zuraide, Getaria, Donibane Lohizune, Bidarte eta Ziburuko etxebizitzen garestitze-maila, kasu guztietan metro kuadroak 4.800 eurotik gora kostatzen baitu.

Euskal Herriko udalerri handienen artean etxebizitzen prezio merkeena dute Tutera (1.000 euro/m2), Maule-Lextarre (1.233 euro/m2), Eibar (1.566 euro/m2) eta Sestaok (1.683 euro/m2). Maule-Lextarrerekin batera, Iruñea da etxebizitzaren salneurri merkeena duen hiriburua (1.848 euro/m2). Eibarren eta Maule-Lextarren salbu, 2017 urteaz geroztik etxebizitzaren prezioa haziz joan da eta prezioen garestitzea esanguratsua izan da Donibane Garazin, Miarritzen, Angelun, Baionan, Leioan eta Iruñean. 2020 urtearekin alderatuta, 2021eko lehenengo hiruhilekoan etxebizitza prezioen jaitsiera apala gertatu da Durangon, Leioan eta Santurtzin, baina Ipar Euskal Herrian garestitze joerak bere horretan dirau.

Miarritzek eta Donostiak dute alokairuko etxebizitza preziorik garestiena

Euskal Herrian erabilera iraunkorra duten etxebizitzen %15,2 alokairukoak dira (2020). Europar Batasuneko batez bestekoak kopuru hori bikoizten du. Egoera, ordea, ez da berdina hego zein ipar. Alokairuko etxebizitzek Ipar Euskal Herriko parkearen %38,7 osatzen dute (2017). Hego Euskal Herrian kopuru hori %12,3koa da (2020).

2008ko krisiaren ondoko urteetan etxebizitza salerosketen uzkurtzeak alokairuko etxebizitzen garestitzea eragin zuen. Ostean prezioak egonkortu eta 2017 urteaz geroztik prezioek gora egin dute nabarmen. Hala, hilez hileko gastuaren ikuspuntutik, 2014 urteaz geroztik merkeagoa izan ohi da hipoteka bidez etxebizitza bat jabetzan eskuratzea alokairuan bizitzea baino.

Euskal Herrian alokairurako etxebizitzarik garestiena ere Miarritzen dago: metro kuadroak 15,5 euro balio du hilean batez beste. Hego Euskal Herriko etxebizitza alokairu garestiena, aldiz, Donostian kokatzen da (hileko 14,6 euro/m2). 2018 hasieran Getxo zen Hego Euskal Herrian 25.000 biztanletik gorako herri garestiena baina ordutik Donostiak aurrea hartu dio. Miarritzen eta Donostian ezezik, Euskal Herriko alokairuko etxebizitzarik garestienak Baionan (13,8€), Angelun (13,8€), Bilbon (12,3€), Getxon (11,7€) eta Leioan (11,5€) daude. Arabar Errioxan, Aiaraldean eta Arratian, ordea, Euskal A.E.ko batez besteko alokairu merkeenak daude.

Bigarren eskuko etxebizitzak nagusi Hego Euskal Herriko salerosketetan

Azken urteotan salerosten diren etxebizitzen tipologian badira zenbait aldaketa, Hego Euskal Herrian behintzat. 2020an salerositako etxebizitzen %80,6 bigarren eskuko etxebizitzak izan dira, 2007/2010 epealdian etxebizitza guztien erdia zirenean. Izan ere, epealdi hartan amaitutako etxebizitza berrien kopuruak batez beste 2020ko kopurua hirukoizten zuen ia. Bestalde, babes ofizialeko etxebizitzek Hego Euskal Herriko salerosketa guztien %13,2 osatu dute urte berean. Nolanahi ere, lurraldez lurralde badira desberdintasunak: babes ofizialeko etxebizitzek Arabako salerosketen heren bat osatu dute (%33,2). Gipuzkoan, ordea, salerosketen %7,6.

Etxebizitzen salerosketarako hipoteken bolumenak, etxebizitzen salerosketarena ez bezala, oso gutxi egin du behera 2020an. Hego Euskal Herrian 23.208 hipoteka sinatu dira, urtebete lehenago baino %1,1 gutxiago. Bestela esanda, nabarmen murriztu dira hipoteka bati lotu gabeko etxebizitzen salerosketak. Era berean, 2014az geroztik etxebizitza erosteko batez besteko hipotekaren zenbatekoa handitzen ari da eta, 2020 urtean, hipoteken batez bestekoa 142.400 eurokoa izan da. Hipoteken zenbatekoa handitu arren, urrun da 2007 urteko batez bestekotik (160.700 euro). 2020 urtean Hego Euskal Herriko herritarrek, etxebizitza bat eskuratu asmoz, 3.304,4 milioi euroko zorra sinatu dute banku edo bestelako entitateekin. Diru kopuru handia izanik ere, urrun da 2006 urteko 8.563 milioi euroetatik.