Hezkuntza zentroen kokapena da euskal geografian ongizateko zerbitzuen irisgarritasunean desorekatuenetarikoa. Desberdintasun horiek ikasketa mailaren arabera antzemateaz gain ikastetxearen hizkuntza ereduaren arabera ere agerikoak dira.
Hezkuntza zentroen eskuragarritasuna aztertzerakoan aurrez kontuan hartu behar dira zenbait elementu. Batetik, hezkuntza zentroak zikloaren arabera hiru motatan banatzen dira: haur, lehen eta bigarren hezkuntzakoak (Lanbide Heziketa barne). Bestetik, distantziak neurtzerakoan Euskal Herrian kokaturiko hezkuntza zentrorik gertuenera dagoen distantzia hartu da kontuan, herrialdeetako mugak kontuan hartu gabe.
Arabako Ibarrak eta Arabako Mendialdean hezkuntza zentroak urrun
Hezkuntza azpiegituren mapak agerian uzten du Arabako Ibarrek eta Arabako Mendialdea eskualde kaltetuenen artean daudela, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroa Garaiko ekialdean kokatzen direnekin batera. Bidaxunen, Salbaterraldean, Iholdi-Oztibarren, Oloroealdean, Erronkari-Zaraitzun, Irunberrin, Zangozerrian edo Estellerriko Mendebaldean ere, bataz bestez, 7,5 km baino gehiago egin beharra dago hezkuntza zentro batera iristeko.
Euskarazko formazioa eskaintzen duten hezkuntza azpiegituretara argazkia zedarrituz gero, irakaskuntza zentroen urruntasuna aipaturiko eskualdeetan ezezik, urruntasuna Nafarroa Garaiko hegoalde eta Ipar Euskal Herri osora hedatzen da.