2019ko laugarren hiruhileko datuen arabera Euskal Herriko langabezia tasa %8,86koa da (INE), aurreko hiruhilekoaren parekoa (+0,01). EUSTATen arabera langabezia zertxobait handitu da azken hiruhilekoan (+0,19) eta horrek Euskal Herriko langabezia tasa %9,02an kokatzen du. Iazko urteko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, ordea, langabezia tasa 0,6 (INE) eta 0,9 (EUSTAT) puntu bitartean apaldu da.
Azken hiruhilekoan langabezia tasaren jaitsiera garrantzitsua gertatu da Araban (-2,92; INE), eta jaitsiera leunagoa, aldiz, Bizkaian (-0,29; INE) eta Ipar Euskal Herrian (-0,20; GAINDEGIA). Ostera, Gipuzkoan (+1,34; INE) eta Nafarroa Garaian (0,82; INE) gora egin du langabeziak. EUSTATen arabera langabezia tasa jaitsi egin da Araban (-0,40; EUSTAT), baina Bizkaian zein Gipuzkoan apalki igo da (+0,10; EUSTAT). Edonola ere, 2018 urteko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, langabezia tasa lurralde guztietan da apalagoa, kasu batzuetan antzerakoa bada ere.
Azken hiruhilekoko datuek %8,77an finkatzen dute Euskal Herriko langabezia tasa 2019an (INE), aurreko urtean baino puntu bat azpitik. 2019 urtean 14.000 bat langabetu gutxiago zenbatu dira. Biztanleria aktiboari dagokionez, INEren arabera 6.900 pertsona aktibo gehiago daude. EUSTATen arabera, aldiz, kopuru hori 6.300ekoa da.
2019ko laugarren hiruhilekoaren behin-behineko datuen arabera EB-28ko langabezia tasa handitu egin da (+0,2) aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero. Horrela, Euskal Herriko langabezia tasak EB-28an baino 2,6 puntu (INE) handiagoa izaten jarraitzen du. Europan, soilik Greziak (%16,3), Espainiak (%13,8), Kataluniak (%10,5) eta Italiak (%10,1) dute Euskal Herria baino langabezia maila handiago.