Skip to main content

Osasun larrialdi aurreko enpleguari eutsi ezinik, Europako langabezia maila garrantzitsuenetakoa du Euskal Herriak

2020ko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera Euskal Herriko langabezia tasa %9,88koa da (INE), aurreko hiruhilekoan baino handiagoa (+0,56). EUSTATen arabera, ordea, langabezia tasa apaldu egin da (-0,84) eta %9,64an kokatzen da. Iazko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, bi iturriak bat datoz langabezia tasaren igoerari dagokionez.

Langabeziaren hedadura adina eta sexuaren arabera aztertuz, Hego Euskal Herrian 16 eta 24 urte bitarteko gazteek langabezia tasarik handiena nozitzen dute (%39,1), baina 25 eta 34 urte bitarteko gazteen artean ere esanguratsua da (%14,6). Era berean, emakumeen artean langabezia tasa gizonen artean baino zertxobait handiagoa da.

Pertsona aktibo eta langabetuen zenbaketan irizpide desberdinak

Azken hiruhilekoan langabezia tasak joera desberdinak izan ditu lurraldearen arabera. INEren datuei jarraiki, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta langabezia tasak gora egin du Gipuzkoan (+1,95) eta Bizkaian (+1,01) nabarmenki, eta, modu apalagoan Araban (+0,23). Aldiz, Nafarroa Garaian langabezia tasaren jaitsiera txiki bat izan da (-0,14), eta langabeziaren jaitsiera handiagoa izan da Ipar Euskal Herrian, udako sasoiari loturiko enpleguari Hego Euskal Herrian baino hobeto eutsi izana tarteko.  

EUSTATek berriki kaleratutako datuen arabera, ordea, 2020ko bigarren hiruhilekoaren konparazioan langabezia tasa apaldu egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2020ko negu amaieratik osasun krisiak ondorio nabarmenak ditu Euskal Herriko lan merkatuan eta iturriak ez datoz bat zenbait joeratan. Berrogeialdiak ezohiko egoera eragin zuen lanik gabeko pertsonak eta pertsona aktiboak zenbatzerako orduan: 2020ko bigarren hiruhilekoan EUSTATek Euskal A.En INEk baino 20.000 langabetu gehiago zenbatu zituen. Aintzat hartu behar da Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteetan (ABEEE) kalteturiko langileak landun gisa zenbatzen direla. Bestalde, langabetu gisa aintzat hartzeko lan bilaketa aktiboan aritu beharra dago, baina etxeratze aginduaren eta mugikortasun mugatuaren testuinguruan irizpide hori nahasgarria da. Horrek langabezia egoeratik kanpo uzten ditu milaka landun, baina ezin da zehaztasunez kuantifikatu.

Azken hiruhilekoan, ordea, EUSTATek biztanleria langabearen eta aktiboaren jaitsiera gertatu dela adierazi du, INEk langabetu zein aktiboen igoera nabarmena irudikatu duen bitartean. Hala, INEren arabera aurreko hiruhilekoan baino 44.700 pertsona aktibo gehiago daude Euskal Herrian, baina EUSTATen datuetan igoera hori 2.400 pertsonara mugatzen da. Bestalde, Ipar Euskal Herrian aurreko hiruhilekoarekin alderatuta langabetuen jaitsiera nabarmena izan da, baina uda garaian lana bilatzen aritu direnen kopurua beste urte batzuetan bezalatsu mantendu da. Edonola ere, aurrerago modu xeheagoan berrikusi beharreko datua da.

Sektore pribatuak iazko enplegu bolumenari eutsi ezinik, Euskal Herriak Europako langabezia maila garrantzitsuenetakoa du

2020ko hirugarren hiruhilekoan Hego Euskal Herriko enpleguak gora egin du zenbait jardueretan, batez ere merkataritza sektorean (+11.800 enplegu) eta manufaktura-industrian (+5.300). Lanaldi osoko enpleguaren gorakada izan da eta sektore pribatuaren eskutik etorri da. Alabaina, iazko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, oraingo enplegu bolumena murritzagoa da sektore anitzetan, batez ere, merkataritzan, industrian edota lehen sektorean. Sektore publikoak soilik eusten dio, momentuz, iazko enplegu bolumenari.

Osasun larrialdiaren testuinguruan Europan langabezia tasaren igoera nagusitzen ari da. Igoera garrantzitsua izaten ari da Italian eta Portugalen, eta baita Danimarkan, Alemanian, Kroazian eta Espainian ere. Azken datuen arabera Europako herrialdeen artean Espainiak du langabezia tasarik handiena (%16,3). Ikusteke dago datozen hilabeteotan zein izango den osasun larrialdiaren bilakaera eta horrek enpleguan izango duen eragina. Halere, gaur gaurkoz, Euskal Herriko langabezia tasa EB-27an baino 2,6 (INE) eta 2,3 (EUSTAT) puntu handiagoa da. Europan Espainiak (%16,3), Greziak (%16,0) eta Kataluniak (%13,2) dute Euskal Herrikoa baino langabezia maila handiagoa.

Etiketa orokorrak