Azken hamarkadako datu objektiboek esaten dute presio fiskala arindu egin dela Euskadin eta Espainian.
ELA sindikatuak, EAEko datuei erreparatuta, gogorarazten du presio fiskala, 2009. urtean, ez balitz izan 2007. urtekoa baino arinagoa, herri-erakundeek 3.200 milioi euro gehiago bildu izango lituzketela. Sindikatu horren esanetan, Europako batez bestekoa baino 9,6 puntu apalagoa da EAEko presio fiskala.
Estatuak BPGarekiko izan zituen diru-sarrera fiskalak ehuneko 5,5 puntu jaitsi ziren 2007 eta 2010 urteen bitartean, %37,2tik %31,7ra; hala, OCDE organizazioko Revenue Statistic azterlanaren arabera, Espainia izan zen, OCDE organizazioko herrialdeen artean, presio fiskala gehien arindu zuena epe horretan.
Fiskalitate zuzena da bidezko eta progresiboena, beren errenta-mailaren arabera ordaintzen baitute herritarrek, baina irudi-arazoak dakartza horrek hauteskundeei begira, eta, ondorioz, alderdi politikoek zeharkako fiskalitatearen alde egin ohi dute. Horren adibidea da BEZa, zergapetuentzat agerikoagoa baita PFEZan diru-zenbateko bat atxikitzea, ogi-barra bat erostean haren zati bat zerga moduan ordaintzea baino.
Horiek horrela, presio fiskala handitzeko bideari ekin zaio EAEn, Ondarearen gaineko Zerga eta Ondorengotzen gaineko Zerga berrezarri baitira eta banku-gordailuen interesak zergapetzeari ekin baitzaio, besteak beste. Neurri horien arazoa da gizarteko aberatsek nekez betetzen dituztela, SICAV sozietateak eta bestelako figura juridikoak erabiltzen baitituzte zerga gutxi ordaintzeko. Hala, maila ertainak zigortzen dituzte neurri horiek, beren zergak (PFEZ, BEZ, etab.) ordaindu ondoren, zerga-karga handiagoei egin behar baitiete aurre. Ondorengotzen gaineko Zergaren eta Sozietateen Irabazien gaineko Zergaren kasuan, kontuan hartu behar da enpresen lehiakortasuna kalte dezaketela, eta, bereziki, lanpostu gehien sortzen dituzten enpresena, enpresa txiki eta ertainena.
Oreka lortzea zaila den arren, ez da ahantzi behar gastuak murriztu behar direla, bai, baina ongizate-estatuaren oinarriak kolokan jarri gabe, hau da, osasuna, hezkuntza eta pentsioak ezbaian jarri gabe. Dena den, horrek ez du esan nahi gehien dutenei gehiago ordainarazteko formulak bilatu behar ez direnik.
XABIER AJA, DEIA