2020ko lehen hiruhilekoan Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordinak urte arteko %3,0ko jaitsiera izan du. Denbora beharko da Ipar Euskal Herriko bilakaera kuantifikatzeko baina Frantziako BPGk urte arteko 5,4 puntuko jaitsiera izan du lehenengo hiru hilabeteotan. 2019 urtean Euskal Herriko BPGk +%2,2ko hazkundea izan ostean, erakunde publikoen 2020rako aurreikuspenek Euskal Herrian %1,9ko hazkundea marrazten zuten. Bistan denez, 2020 urteak aurreikuspen guztiak irauli ditu. Zaila da datozen hilabeteetako agertoki ekonomiko eta sozialak aurreikustea.
COVID-19ak sorrarazitako osasun larrialdiak munduko jarduera ekonomikoa gogor kaltetu du, euskal lurraldean batik bat 2020ko martxoaren bigarren hamabostalditik aurrera. Beraz, inork gutxik jartzen du zalantzan bigarren hiruhilekoan egoera okertzera dihoala, Euskal Herrian eta Europan bederen. Europako herrialde guztiek, ordea, ez dute osasun larrialdia modu berean nozitzen ari eta zenbaitzuk lehen hiruhilekoan ez dute atzeraldirik pairatuko, Lituania kasu (+%2,5).
Espainia, Frantzia eta Alemania kalteturiko herrialdeen artean dira eta hiru herrialdeak batuta, gutxi gora behera, Euskal Herriko esportazio bolumenaren %40aren helmuga osatzen dute. Frantziak Bigarren Mundu Gerraz geroztik izandako emaitzarik txarrena izan du 2020ko lehen hiruhilekoan, 1968ekoa gaindituz. Frantziako Bankuak ohartarazi duenez konfinamendu egoerak hamabostero 1,5 puntu kentzen dizkio BPGari. Alemanian, aldiz, bigarren hiruhilekoan BPGren gutxitzea bi zifratakoa izan daiteke eta, gaur gaurkoz, %4,2 puntuko atzeraldi ekonomikoa espero da urte amaieran. Espainiako egoera ez da askoz hobea, urteko lehen hiruhilekoan urte arteko 4,1 puntuko atzeraldia izan eta gero.