Covid-19ak kalte handiak eragin ditu munduko ekonomian. Osasun larrialdiaren ondorioz herrialde gehienetako Barne Produktu Gordinek atzeraldi nabarmena nozitu dute. Euskal Herria izan da horietako bat.
Sei urtez hazi ostean Euskal Herriko Barne Produktu Gordina (BPG) %9,2 apaldu da 2020an, azken hamarkadetan erregistraturiko atzeraldi handiena eraginez. Ekonomiaren gainbehera handiena udaberrian gauzatu zen arren, 2020ko lehen hiruhilekoko datuek ziklo baten amaiera iragarri zuten. 2009an ere atzeraldi nabarmena nozitu zuen euskal ekonomiak, baina orduan %3,7koa izan zen uzkurdura.
Kolpe handiena hartu duen lurraldea Euskal A.E. izan da (-%9,5). Halere, Nafarroa Garaiko (-%8,3) eta Ipar Euskal Herriko (-%8,3) BPGek bilakaera paretsua izan dute. Ipar Euskal Herriko BPGaren bilakaeraren datu ofizialik ez dagoen aldetik Frantziako hazkundea hartu da kontutan datua kalkulatzeko. Baionako Merkataritza Ganbarak ere ez du daturik ematen, baina oro har ziurgabetasuna nagusitu arren enpresa batetik bestera egoera aldakorra dela azpimarratu du.
Munduko ekonomiak astindu handia jaso du
Osasun larrialdiak munduko ekonomia handienak atzeraldian jarri ditu. Nazioarteko Diru Funtsaren behin-behineko datuen arabera, BPGak %4,4ko atzeraldia izan du mundu mailan. Gutxi dira atzeraldian murgildu ez diren herrialdeak, baina egon badaude, eta gehientsuenak Ekialdeko Asian eta Afrikan kokatzen dira. Txinak talde horretan sartzea eta bere BPGa %1,9 haztea lortu du, aspaldiko hazkunde maila txikienarekin bada ere. AEBko BPGak, ordea, %4,3ko atzeraldia izan du. Ekonomiaren osasuna herritarrenaren gainetik jartzeko Trumpen estrategiak huts egin du, beraz. Ez da izan asmo horretan huts egin duen herrialde bakarra.
Europar Batasunaren BPGak %6,3 puntu egin du atzera aurreko urtearekiko. Euskal Herriak baino atzeraldi handiagoa nozitu dute Espainiak (-%11,0), Greziak (-%10,0) eta Europar Batasunetik alde egin berri duen Erresuma Batuak (-%9,8). Montenegrok ere gogorki pairatu du turismoaren gabezia (-%12,0). Kontrako posizioan, Irlanda izan da 2020 urtean Europan BPGaren hazkunde positiboa mantendu duen herrialde bakarra (%3,0).
2021erako aurreikuspenen baikortasuna txertaketa-kanpainen eraginkortasunaren menpe
Europako Batzordeak abian den urteari begira egindako BPGaren gaineko aurreikuspenak baikorrak dira: EB-27n 3,7 puntuko hazkunde-tasa espero da. Euroguneko sentimendu ekonomikoak hobera egin du aurtengo otsailean, baina ezkortasunak nagusitzen jarraitzen du.
Hile horretan bertan berretsi du Europako Parlamentuak 2020ko abenduan Errekuperazio Mekanismoari (MRR) buruz lortutako akordio politikoa. MRRa NextGenerationEUren funtsezko tresna da: 672.500 milioi euro jarriko dira estatu kideen esku, erreformak eta inbertsioak babesteko mailegu eta diru-laguntza gisa. Ikusteke dago funts horien banaketa eta eraginkortasuna, baina Europar Batasuneko ekonomiak eta gizarteak erresilienteagoak izaten eta trantsizio ekologiko eta digitalak bermatzeko xedea dute. Ezohiko plana den aldetik, ziurtzat eman daiteke BPGaren bilakaeran eragina izango duela.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako aurreikuspenetan ere baikortasuna nagusitzen da. Horien arabera, Euskal A.E.k eta Nafarroa Garaiak %8,6 eta %6,5ko hazkundea izan dezakete, hurrenez hurren. Frantzian hazkunde hori %5,5koa izatea espero den neurrian Ipar Euskal Herriak antzerako norabidea izatea espero daiteke. Aurreikuspen horien arabera, beraz, 2021 urtean Euskal Herriko BPGak %7,9ko hazkundea izan dezake. Edonola ere, eszenatoki ekonomiko horiek txertoen eraginkortasunaren menpe daude erabat.