Herritarren bizileku aldaketa beste lurraldeetan baino nabarmenagoa izan zen Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Nafarroa Garaian, azken bost urteotako errolda datuen arabera. Barne migrazioen helmuga nagusiak izan ziren Iruñerria, Plentzia-Mungia eta Gorbeialdea. Atzerrian jaiotako herritarren migrazio fluxuek, aldiz, Bidasoa Beherea, Nafarroako Erribera eta Goi Erribera, Iruñerria, Gasteiz eta Donostialdea izan zuten helmuga, nagusiki.
Azken bost urteotan 764.196 alta erregistratu ziren erroldan, udalerrietako barne mugimendua alde batera. Alta horien erdia, herrialde bereko beste udalerri batetik etorritako herritarrak ziren (Pirinio Atlantikoetatik, Ipar Euskal Herriko kasuan). Datuoi erreparatzean kontuan hartu behar da Hego Euskal Herrian 2014/19 epealdia eta, Ipar Euskal Herrian, 2012/17 epealdia hartzen dutela aintzat. Hau da, osasun larrialdi aurreko herritarren mugikortasuna adierazten dute.
Lapurdik eta Nafarroa Behereak herritar kopuru garrantzitsua bereganatu zuten
Hirigune, bitarteko zonalde eta landaguneen artean banatzen da lurraldearen urbanizazio-maila, Europako DEGURBA irizpideen arabera. Landa eremuari begiratuta, alta kopuru garrantzitsua erregistratu zuten erroldek azken bost urteotan, herrialde bereko herritarren mugikortasunaren ondorioz. Hirigunean ere nabarmena izan zen alta kopurua. Kasu honetan, baina, herrialde bereko zein atzerritik etorritako herritarrek eragin zuten gorakada. Bitarteko hirigunean erroldako alta kopurua apalagoa izan zen proportzioan.
Herrialdeka, Lapurdik eta Nafarroa Behereak metatu zuten, hurrenez hurren, errolda alten proportzio handiena. Bereziki Euskal Kostaldea-Aturrik (Baionak, Bidartek…), Errobik (Haltsuk, Larresorok, Kanbok…) eta Errobi Aturrik (Hiriburuk, Ahurtik…) jaso zituzten biztanle berriak. Horien multzo nagusia Ipar Euskal Herriko edota Pirinio Atlantikoetako beste udalerrietatik bertara bizitzera joandako herritarrek osatu zuten. Lapurdiko kasuan bereziki, Akitaniaz kanpoko erregio frantsesetatik bertara bizitzera joandako herritarren kopurua ere nabarmena izan zen (Baionan, Getarian, Biarritzen edota Donibane Lohizunen). Aldiz, Ipar Euskal Herrira atzerriko jatorridun herritarren iritsiera urria izan zen, Hego Euskal Herrian ez bezala.
Iruñerriak barne migrazioa eta Nafarroako Erriberak eta Goi Erriberak atzerritarrak bereganatu zuten
Hego Euskal Herrian erroldako alten proportzio handiena Nafarroa Garaiak metatu zuen 2014 eta 2019 artean. Batetik, Nafarroa Garaiko barne mugikortasuna handiaren ondorioz gertatu zen hori, Iruñerrian (Berriobeitin edo Berriozarren), Argako Haranetan eta Nafarroako Aurrepirinioan nabarmen. Bestetik, jatorri atzerritarra zuten herritarrei dagokienez, altak esanguratsuak izan ziren Nafarroako Erriberan (Tuteran, Corellan, Barillasen edo Castejonen), Goi Erriberan (Milagron, Cadreitan, Funesen…) eta Iruñerrian (Iruñean, Barañainen, Berriozarren edo Burlatan).
Barne migrazioa Plentzia-Mungiara eta Gorbeialdeara; atzerritarrak, berriz, Bidasoa Beherea, Gasteiz eta Donostialdera
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan errolda alten proportzioa gainontzeko lurraldeetan baino murritzagoa izan zen aipatu epealdian. Erroldako alten kopuru esanguratsuenak Trebiñun, Arabako Ibarretan (Erriberabeitian, Erriberagoitian…), Plentzia-Mungian (Laukiz, Barrika, Urduliz, Plentzia…), Errioxa Arabarrean (Samaniegon, Ekoran…) eta Gorbeialdean (Legution) erregistratu ziren.
Erkidego bereko jatorridun herritarren alten kasuan, kopuru esanguratsuenak Plentzia-Mungian (Barrikan, Laukizen, Urdulizen…), Gorbeialdean (Legution) edo Arabako Ibarretan (Erriberagoitian, Kuartangon…) metatu ziren. Atzerritar jatorridun herritarren alta kopuru garrantzitsuenak, ordea, Bidasoa Beherean (Irunen), Arabako Lautadan (Gasteizen, Agurainen, Iruña Okan), Donostialdean (Donostian, Lasarte-Orian, Pasaian, Errenterian) eta Lea Artibain (Berriatuan, Markina-Xemeinen).
Erakargarritasun txikiko lurraldeak
Azken urteotan errolda alten kopuru txikiena erregistratu zuten euskal eremuak Nafarroako Pirinioak, Debagoiena, Kantauri Arabarra, Bidasoa Garaia eta Sakana izan ziren. Azterturiko epealdian erroldan altarik erregistratu ez zuten udalerriak hiru baino ez dira Euskal Herrian: Ibarrola (Iholdi Oztibarren), Hiriberri (Nafarroako Pirinioan) eta Lerga (Zangozaldean). 500 biztanletik beherako udalerriak dira hiruak. 500-1.000 biztanle bitartekoen artean, errolda alten proportzio txikiena erregistratu zuten udalerriak Arantza (Bidasoa Garaia), Otsagabia (Nafarroako Pirinioak) eta Ameskoabarrena (Jurramendi) izan ziren. 1.000-5.000 biztanle bitartekoen artean, Aramaio, Etxarri-Aranatz eta Antzuola. 5.000-10.000 bitartekoen multzoan, ordea, Legazpi, Baztan eta Ondarroa. 10.000 biztanletik gorako udalerrietan erroldan alta kopuru txikiena Oñatin, Ermuan eta Laudion erregistratu zen.