Gerraondoko hamarkadek hazkunde bizia ekarri zuten mendebaldeko ekonomia gehienetan. Parisko lurralde-antolaketa irizpideak jarraituta Ipar Euskal Herriak industria galdu bitartean, Hego Euskal Herriak hazkunde aldi indartsu eta luzea ezagutu zuen. Industrializazioak herriaren ezaugarri gehienak eraldatu zituen. Halere, industrializazio hura Frankismoaren babesa zuen elite ekonomikoak lideratu zuen, haren esku egon zen zer ekoitzi, nola, non eta zenbat. Garapen estrategia nagusia kualifikazio apaleko lanesku eta energia kontsumo intentsiboko jardueretan oinarritu zen.
1973 urtean Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE-OPEC) Yom Kipurreko gerran Israelen alde egin zuten herrialdeetara petrolioaren esportazioa etetea erabaki zuen. Ondorioz, nazioartean sortutako petrolio-krisiak euskal ekonomia gogor kolpatu zuen, energia kontsumo handiko jarduera industrialek berebiziko garrantzia baitzuten. Garai hartan, Euskal Herriko BPGk uzkurdura garrantzitsua nozitu zuen hiru urtez, eta uzkurdura horrek zenbait erreplika izan zituen 80. hamarkadan zehar. Testuinguru horretan eskulanaren produktibitatea ere gutxitu egin zen, baina BPG baino azkarrago jarri zen gorabidean berriz, indarrez gainera. Hartara, enpleguaren uzkurdurak luzaroan iraun zuen.
2008 urteaz geroztik 1970. hamarkadako petrolio-krisiaren ondoren egituratutako eredu industrialaren ehun zati garrantzitsua desegin da, oraingo honetan, finantza arrazoiak medio eta Brent upela petrolioaren erreferentzia gisa. Hamarkada batzuk lehenago gertatutakoaren antzera, BPGk uzkurtze garrantzitsua nozitu du, eta berarekin batera, eskulanaren produktibitateak eta lanpostu kopuruak ere. Nolanahi ere, eskulanaren produktibitatea izan da berriz hazkunde positiboa berreskuratzen lehena; enpleguaren susperraldia, ordea, motela da.
Azken hamarkadan Euskal Herriko ekonomia produktiboak eraldaketa nabarmenak nozitu ditu. Ekonomia globalaren logikan, euskal egitura produktiboaren eta jendartearen trebetasunak garatzeko eta beharrei erantzuteko funtsezkoa da burujabetza mekanismoak artikulatzea eta garatzea.