Skip to main content

Sortze-oinarriak

Herriek edota estatuek osatzen duten Europaren eremuan Euskal Herriaren nortasun propioa garatzea lehentasunezko egitasmoa dugu gaur.

Globalizazio zanpatzailearen eraginak, bestalde, alternatibak behar ditu Mundu osoko puntu desberdinetan, lekuan lekuko errealitateetatik abiatuta garatuko direnak eta Lurbirako esparru zabalean mailaka egituratuz joango direnak.

Horregatik guztiagatik gure herri osoa bere baitan hartuko duten erakundez hornitu beharra daukagu, azterketa egin eta arlo askotako dinamikak pizteko gai izango direnak. Erakunde hauek lagundu egingo diote osoa eta osatua izango den prozesuari, beti ere Euskal Herria eraikitzeko hiritarrek erabakiko duten ereduaren arabera.

Asko gara gai honi heltzeko gogo eta asmoetan bat gatozen pertsona eta erakundeak, eta esparru ekonomiko zein sozialetik norabide horretan geure hausnarketarekin eta geure ekarpenekin dihardugunak. Hala ere, inposatu diguten lurralde zatiketaren eraginez eragozpen nabarmenak ditugu aipatutako hausnarketa eta ekarpen altxorra bideratzeko. Sakabanaketa handia sortzen da eta honek, oraingoz, ekidin egin du Euskal Herriaren errealitate ekonomikoa eta soziala ikuspegi osatu eta antolatuan proiektatzea.

Xede horrekin hain zuzen ere, hona hemen aurkezten den egitasmoa: GAINDEGIA izena izango duen EUSKAL HERRIAREN EKONOMIA ETA GIZARTE GARAPENERAKO BEHATEGIA.

GAINDEGIA ren sortze-helburuak hauek dira:

  • Bere lan propioekin batera, ekonomia, gizarte eta azpiegitura gaietan instituzioetan, zein administrazioaren, zein sindikalgintzaren, zein enpresagintzaren, zein unibertsitatearen eremuan garatutako azterketa lanak ikertzea, biltzea, prozesatzea, zerbitzatzea eta zabaltzea, beti ere euskal lurralde osoaren ikuspegitik.
  • Euskal Herriko gizartegintzan edo ekonomian diharduten eragileen egituraketa indartu dezaketen ekimenak bultzatzea (profesionalen taldekatze eta kolegiazioak, merkatal ganbarak, enpresarien elkarteak, etabar.), beti ere euskal lurralde osoko hedadura emanez.
  • Eztabaida sustatzea Euskal Herriko gizartegintzaren eta ekonomiaren garapen mamian estrategikoak diren gaietaz.

Helburu horien arabera, GAINDEGIA izan daiteke gaur Euskal Herri osoko etorkizuneko Ekonomia eta Gizarte arloko eragileak bilduko lituzkeen gunea edota erakundearen lehen hazia. Ezaugarri horren harira, esan bedi GAINDEGIA ez dela sortzen bere burua xede bihurtu asmoz, baizik eta aipatutako helburuaren bila tresna eranginkorra izateko, unean uneko garapen mailetara egokituz.

Zeregin horiek betetzeko, GAINDEGIA ondoko ezaugarrien arabera erakundetuko da:

  • Ekimen hau akuilatzen duen giza taldeak adierazten du bere asmoa dela subjektu eragile, aske eta burujabea izatea, erakundearen baitan aske eta demokratikoki ebatzitakoen aurka kanpotik eragin dezaketen sasi-babesgintza edo zelatarigintzak baztertuaz.
  • Diru irabazirik gabeko elkartegintza zibileko ereduetan oinarritutako egitura hartuko du, irekia zentzu honetan: jatorri desberdinetako (politika, ideologia, erligio, sindikalgintza, politikagintza, jardunesparruari dagokionean) pertsona fisikoei, hauen lan edo atxekimendu esparrua garapen ekonomikoa eta gizartegintzakoa izango delarik, eta denek bereak egingo dituztelarik erakunde honen baitan ebatzitako nortasun ezaugarriak, helburuak eta norabideak.
  • Beste erakunde batzuekin batera elkarlanean jokatzeko joera landuko du, izan hauek ekonomikoak, zein gizartegintzakoak, zein administrazio-instituzio arlokoak, zein ekonomia edo gizartegintzako mamia izan dezaketen beste erakunde mota batekoak. Beste hitz batzuetan, ez du asmorik gaur egun mami honekin badauden beste erakunde batzuekin lehian sartzeko edo haien lekua hartzeko. Zehaztutako helburuen inguruan nabarmenki hutsik dagoen esparrua betetzeko xedez jokatuko du.
  • Bazkideak pertsona fisikoak izango dira, gizabanakoak, ahots eta bozdunak, azken hau "pertsona bat boz bat" goiburuaren arabera finkatuta.
  • Berariaz bultzatuko da euskal diasporako bazkideak egitea.
  • Autofinantzazioa izango da oinarrizko irizpidea kudeaketari dagokionean, batez ere erakundearen egiturari eta bere funtzionamendu beharrei erantzuteko. Irizpide honen bitartez elkartearen burujabetza bermatu eta administrazio mailako zein beste mota bateko erakundeekiko menpekotasuna ekidin nahi da, erabakitzeko ahalmena murrizteko arriskutik ihes eginez.

Honela hartuta GAINDEGIA ren sortze-oinarriak, baita ere helburu eta nortasunaren ezaugarriak, erakunde honek ozen adierazten du bere konpromisoa, aipatutako hitzetan, sorburuan duen kausarekin eta XXI. mende eta hirugarren milurtekoaren hastapenean Euskal Herria osatzen duten lurraldeetan biltzen den hiritargoarekin.

 

Iruñea, 2004ko maiatzaren 29a.