224.300 herritarrek 80 urtetik gorako adina dute Euskal Herrian. Populazio honen kopurua ia bikoiztu egin da azken bi hamarkadetan eta etorkizunean joera hori areagotuko da gerra osteko hazkunde demografikoa eta bizi-itxaropenaren handitzea medio. Luzaroan despopulazioa nozitu duten lurraldeetan metatzen da adineko biztanleria honen proportzio handiena.
Euskal herritarren %7ak 80 urtetik gorako adina zuen 2020 urtean. Hogei urte atzera, proportzio hori %4koa zen. Azken bi hamarkadetan egitura demografikoa nabarmen zahartu da eta etorkizunean joera hori areagotuko da. Gainzahartzea mendebaldeko lurraldeetako egitura demografikoaren ezaugarria izan ohi da eta Euskal Herriaren pare daude Grezia (%7,2), Alemania (%6,8), Portugal (%6,6) edo Italia (%7,4). Edonola ere, Europar Batasunean (27) 80 urtetik gorako biztanleriaren proportzioa zertxobait apalagoa da (%5,9).
Gainzahartzearen atzean badira aintzat hartu beharreko fenomeno desberdinak. Euskal Herrian bataz besteko bizi-itxaropena 84,5 urtekoa da eta Europan ez dago tamainako bizi-itxaropena duen estaturik (2019). Esaterako, Europar Batasunean (27) bataz besteko bizi-itxaropena 81,3 urtekoa da. Bestaldetik, 1970 hamarkadaz geroztik jaiotzen kopurua nabarmen gutxitu egin da nahiz eta milurteko berrian, aldi batez, jaiotzen kopuruak gora egin zuen. Testuinguru horretan, gerra osteko jaiotzen gorakadak gainzahartzea areagotuko du etorkizunean.
Gainzahartze handia hirigune eta garaiko industria eremuetan
Ezaugarri orokorrak alde batera, lurralde batetik bestera gainzahartzearen inpaktua desberdina da. Herritarren gainzahartzea zertxobait handiagoa da hirigunean (%7,3) landa eremuan (%7,0) edo bitarteko hirigunean (%6,6) baino. Izan ere, 60 eta 70. hamarkadetako hazkunde demografikoaren belaunaldiek hirigunetan, industria eremuetatik gertu, kokatzeko joera izan zuten eta azken urteotan gero eta gehiago dira adin horretara iristen ari direnak.
Hirigunean zerbitzuen eskuragarritasuna handiagoa izateak ere badu erakartze gaitasun esanguratsua eremu batzuetako adinekoen artean. Aipatzekoa da Trebiñuko kasua, non soilik erroldatuen %4,2ak 80 urtetik gorako adina du. Kasu berezia da Trebiñu, izan ere, hiriburuko zerbitzuen gertutasunagatik ezezik, adinekoen artean Arabako Aldundiaren arreta zerbitzuetan artatua izateko Gaztela eta Leonen menpe ez dagoen lurraldean erroldatzeko joera dago.
Muturreko gainzahartzea despopulaturiko landa eremuan
Gainzahartzea hiriguneetan gainontzeko eremuetan baino presenteago egonik ere, Euskal Herrian badira 80 urtetik gorako biztanleria proportzio handia duten landa izaerako eremuak. Eskualde mailan, adibidez, azpimarratzekoa da Nafarroako Piriniotako (%12,2), Xiberoko (%10,8) eta Zangozaldeko (%10,3) gainzahartzea. Eskualde hauek amankomunean dute 1950eko hamarkadatik aurrera despopulazio joera eta gertuko zerbitzuen eta enplegu eskaintza mugatua.
Eskualde hauetan tamaina txikiko udalerrien presentzia handia da eta askok muturreko egitura demografikoak dituzte. Euskal Herrian 146 udalerrik (udalerrien %21ak) %10eko gainzahartze-maila gainditzen dute. Horien artean, azpimarratzekoa da muturreko gainzahartzea (%15tik gorakoa) nozitzen duten berrogeita bat udalerrien egoera. Horietatik, hamaseik Jurramendi eskualdean dute kokalekua: Azuelo, El Busto, Piedramillera, Armañantzas, Barbarin eta Cabredo buru. Zangozaldean ere herrien iraunkortasuna kolokan jartzen duen gainzahartze mailak metatzen dira, batez ere, Xabier, Gazteluberri, Petilla Aragoi, Leatxe edo Eslaba bezalako udalerritan. Nafarroako Pirinioan Gorzak edo Xiberoan Atharratze-Sorholüzek pareko errealitatea biltzen dute.