Skip to main content

[2020-05] Elikagai freskoen garestitzea eta erregaien merketze joera mantendu da

2020ko maiatzean Kontsumo Prezioen Indize orokorrak aurreko hileko joera bertsua izan du. Apirilarekin alderatuta, salneurrien indizea Hego Euskal Herrian berdintsu mantendu da (+0,0), eta, Ipar Euskal Herrian, +0,1ko igoera izan du. Iazko maiatzeko prezioekin alderatuta, ordea, azken hilabetean prezioek Hego Euskal Herrian behera (-0,8) eta Ipar Euskal Herrian apalki gora (+0,4) egin dute. Azken hileko salneurrien bilakaera, hortaz, apirileko bidezidorrean dira: osasun krisia bete-betean ari da baldintzatzen salneurrien bilakaera udaberri honetan.

Mundu mailako petrolio kontsumoaren bapateko beherakadak petrolioaren prezioa bortizki merketu zuen martxo aldean. Hasiera batean Saudi Arabia eta Persiar golkoko beste estatu arabiarrek petrolio produkzioa handitu bazuten ere, maiatzean zehar Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen (LPEE) baitan hitzartutakoaren bidetik petrolioaren produkzioa gutxitzen ari da. Epe motzean erregaien beheranzko prezio joerak amaiera izan dezake, baina maiatzean erregaia aurreko hilean baino are merkeagoa izan da Euskal Herri osoan. Iazko maiatzarekin alderatuta, azken hilean erregaien prezioa Hego Euskal Herrian 19,5 puntu eta Ipar Euskal Herrian 27,7 puntu merkeagoa izan da.

Errealitate honek garraioari eta etxebizitzari loturiko gastuen merketzea eragin du udaberrian. Iazko hileko berarekin alderatuta, maiatzean garraioa Hego EHn 7,8 puntu eta Ipar EHn 4 puntu merkeagoa izan da. Etxebizitzari loturiko gastuen kasuan, jaitsiera hori 6,2 puntukoa da Hego EHn eta 0,6 puntukoa Ipar EHn. Hego EHn, bestalde, aisia eta kulturari loturiko salneurriak merketu egin dira (-0,4). Ipar EHn, aldiz, jantzi eta oinetakoen (-2,6) eta medikuntzako (-0,6) prezioak apaldu dira.

Prezioen gorakada, ordea, nabarmena da zenbait produktuetan. Ipar EHn igoera garrantzitsua izan du edari alkoholdun eta tabakoak (+7,3) eta janari eta edari alkoholgabeak ere (+3,9). Janariaren igoera bertsua eman da Hego EHn. Osasun krisiak gorakada handia eragin du janariaren salneurrian, batez ere, janari freskoaren kasuan. 2020ko maiatzean, iazko hileko berarekin alderatuta, barazki freskoak Ipar EHn 24,8 puntu eta Hego EHn 6,9 puntu garestiagoak dira. Fruta freskoarekin berdintsu gertatu da.

Etiketa orokorrak