Europako Nekazaritza Politika Bateratua indarrean jarri zenetik Euskal Herriko lehen sektoreak indar nabarmena galdu du, eta horrekin batera, euskal produktuek etxeko mahaian zuten lekua. Azken urteotan, ordea, bertoko produktuak kontsumitzeko joera gorabidean da. Kontsumo ohituretan lokaborismoa eta nekazaritzan agroekologia indarra hartzen ari dira: saski ekologikoen hamaika zirkuitu labur eta Ekolapikoa bezalako ekimenak sortzen ari dira. Kontsumo joeretan aldaketak ematen hasi arren, gure elikadura ohiturak ez dira iraunkorrak eta elikagai horien zati garrantzitsua ehunka kilometrotara ekoizten da.
Euskal Herriak urtean 1.900 milioi bat kilo elikagai behar ditu bere herritarrak asetzeko. Azken hamar urteotan kontsumitutako elikagai kopuruak behera egin du, ziurrenik krisiaren eraginez, baita elikagai xahuketa gutxitu izanagatik ere. Nonbait herritarrak problematikaz jabetuago daude eta elikagai xahuketaren kontrako plataformak indartu egin dira.
Herritarrek kontsumituriko elikagaien artean %18,1a esnea eta esnekiak dira, %17a fruta freskoa eta %10a barazki freskoak. Haragia (%8), ogia (%6), patata (%5) eta arraina (%5) presentzia nabarmena dute ere euskal herritarren elikaduran. Interesgarria da, halaber, haragiaren kontsumoan gertatu den bilakaerari erreparatzea: azken hamarkadan haragiaren kontsumoa %10 gutxitu egin da (behi haragia, txerria eta untxia…), baina indioilar eta hegazti haragia handitu egin da.
Euskal herritarren kontsumo patroiak aintzat hartuta eta, euskal lurraldean ekoiztu ezin diren produktuak alde batera (zenbait fruta, batez ere), ekoizpen ez-intentsibo eredu batean egungo kontsumo ohiturak asetzeko biztanleko bataz bestez 435 m2 azalera inguru behar dira. Beste era batera esanda, beharrezkoa da Nafarroa Behereko azalera osoa, edo San Mames zelaia 190.400 bider, euskal herritar guztiak elikatzeko.
2000 urteaz geroztik artifizializatutako lurra handia izan da eta Euskal Herrian nekazaritzara bideratutako 73.000 hektarea galdu egin dira (2000/18). Hirigintzaren hazkundea medio, hain zuzen ere, baratzegintzarako egokienak diren udalerri inguruko eremu lauak kaltetu dira.